Apirila hasieran Brasilgo ipar kostara joan ginen, Fortaleza eta Belem artean, hondarra eta euri tantak pilatzen diren ingurua duna eta aintzira paisaia miresgarria eskeiniaz.
JERICOACOARA
Bihotz itxurako Laguna Coraçao. |
Jericoacoaran, Ceara estatuko itsas-bazterreko herri turistikoan, kale guztiak hareazkoak dira hondartzan amaitzen direlarik, non argazkiko Duna do Por do Sol hau aurkitzen dugun.
Ilunabarrean jendea hondarrezko mendira igotzen da eguzki-sarreraren ikuskizun koloretsua begiztatzeko, eguzkia itsaso eta zeru ertzean agurtuaz.
“Jeri” KiteSurf-a praktikatzeko mundu meka edo gunea da, hau da, haizeak kometa baten bidez bultzatuaz surf taula baten gainean irrist egiten den iharduera.
Egun batean Laguna Paraisoko bazterrak kayakean miatu nituen, ipurmasaileko forunkuloak damutu arazi ninduen arren.
Ba garagardo batekin erlaxatu beharko naiz, oinak uretan eta ipurmaisaila aulkitik kanpo.
Jeri-ko itsasargi azpian dagoen Pedra Forada arroka, eta itzuleran milaka libelula edo sorgin-orratz. |
Agur Jericoacoara, bagoaz itsasbazterretik mendebalderuntz duna eta aintziretatik zehar. |
LENÇOIS MARANHENSES
Lençóis Maranhenses-eko parke nazionala Maranhâo-ko estatuan kokatzen da, eta gure AmaLurreko beste bazter miresgarri bat da, batzuentzat Eden brasildarra. Lençóis Maranhenses-ak, edo Maranhâoko sabanak, harea zurizko desertu brasildarra dira, gure planetako desertu euritsuena izatearen berezitasuna duelarik. Ekaina eta iraila bitarteko euriteek 155.000 desertu hektarea paraje liluragarri bihurtzen dute. Dunetako sakonuneetan ur gezezko milaka aintzira eratzen dira haraino iristen diren turista gutxiren gozamenerako.
Sasoi lehorrean zehar putzu gehienak desagertu eta ohiko desertu paisaia bilakatzen da. Baina euriteak itzultzen direnean berriz ere bete egiten dira, bizitzaren miraria itzultzen da, eta arrainak, krustazeoak eta dortokak agertzen dira ia nola jakin gabe miraria bailitzan.
Lençóis-ak ezagutzera joateko sasoi hoberena ekainetik irailera da, euri denboraldia bukatu eta aintzirak beteta daudenean. Irailetik urte bukaera bitarte euri gutxi egiten du, horregatik aintzirak lehortzen doaz gehienak urik gabe geratuaz. Urtarrilean euria hasten du, indartsu otsailetik maiatzara bitarte, putzuak betetzen doazelarik. Gu apirilean egon ginen eta bainuez atsegin hartu ahal izan genuen.
Norbaitentzat zeruaren parekoa denaren argazki batzuk doazkizue hemen.
Aintzira batzuk urdin turkesa kolorekoak dira eta beste batzuk berde esmeralda. |
Eskualdetik turismo-hegazkin hegaldia lortu genuen Arantxa Marco bidai aldizkarietako kazetariari esker. Ur gezezko aintzirez betetako desertuaren aireko bista laburra izan arren ikusgarria ere izan zen.
Vassouras, arrantzaleen etxe berriak. |
Barreirinhas hiritik ibaian behera abiatu ginen motordun ontzi batean desertuaren ekialdeko mugan zehar. Vassouras-en geratu ginen, Lençois txikietako hareak irentsia zuen arrantzaleen herrixka. Hori bai, alboko zuhaitzetan animalia ugari bizi ziren: tximinoak, lertxunak, loroak, etab.
Ibaian behera jarraituaz, ibaia eta itsasoaren arteko hondartza mihian Cabure herrixka aurkitzen da, bertan oinarrizko zerbitzua eskeintzen duten ostatu batzuk daudelarik. 3 egun egon ginen hemen, lehenengoa botata, bigarrenean esploratzaile eta hirugarrenerako nahikoa ikusia genuen.
Hona ez da linea elektrikoa iristen eta bizitza oso oinarrizkoa da, sostengua arrantza izanik. Jendea hondar artean bizi da, haize-harea arnastu eta harearekin jaten du espezia moduan. Gizakia ingurura egokitzen da.
No comments:
Post a Comment