Hondartza inguruaz aspertzen hasiak ginenean barnealdeko mendietan zirku jaialdi bat zegoela jakin genuen eta haruntza abiatu. Asfalto errepidea utzi eta pistaz 30 km eginaz, hantxe zegoen bide bukaeran mendiez inguraturik Circo do Capao; eta honek zer egiten du hemen?
"II Festival Internacional Diamantino de Circo"
Nazioarteko artistek ikuskizunak eskeini zituzten 5 egunez lagun giroan.
Brasilgo Bahia estatua hondartzengatik ezaguna den arren, mendiak ere badaude barnealdean, eta ederrak gainera. Brasilen chapada deitzen zaie mendi lerroei eta Bahiako mendi hauetan diamante minak zeudenez Chapada Diamantina izena hartu zuen, orain parke nazional bihurtua.
Bahiako ibai garrantzitsuenak hemen jaiotzen dira, Paraguaçu ibaia Salvador hiriburuan itsasoratzen dena eta "de Contas" ibaia Itacaren itsasoratzen dena, rafting gida ikastaroa eman nuen ibaia.
Quartzita mendigunea higatuaz dorre itxurako mendiak sortu dira, Morro izenekoak. Argazkiko hau 1418 metrotako Morrao mendia da, haruntza goaz!
Morrao (1418m) mendi tontorrean kontenplazioa. |
Eta Morrao dorre honen azpian Aguas Claras ur putzu ederrak, gozamenezko paisaia eta momentuak.
Vale do Capao bailara asko gustatu zitzaigun, eta herrixka jende interesgarriz betea zegoen: zirkokoak, musikariak, artisauak, cappoeira-lariak, batukadakoak, etab. Gainera herrixkatik eguneko irteera edo txango asko egin zitezkeen putzu, mendi eta urjauzietara (Fumaça, Purificaçao, Morrao, Aguas Claras, etab).
Capoeira etxean logelako balkoian bidai memoriekin lanean. |
Ni blog honetan lanean eta Sugan aldizkarietarako bidai artikuluak idazten. Etxeko beheko solairuan Capoeira Angola entrenamenduak egiten ziren etxearen jabe Mestre Bartelo-rekin. Gustura parte hartu nuen entrenamendu hauetan.
Brasilen inauteriak oso ospetsuak dira. Ikusgarrienak Rio de Janeiro eta iparraldeko Olinda hirietan. Bahiako Salvadorren aldiz, kaleko festa eta jende pilaketagatik ezaguna, galdetzen genuen jende gehiengoak esaten zigun gauza desatsegin asko zituela (jende gehiegi, zikina, ukipen fisikoak, lapurretak, etab.), eta giroa sanoagoa aurkitzen ginen Capao herrixkan egongo zela. Hala bada, bertako inauteriak ospatzen geratu ginen.
Cachoeira Fumaça urjauzia etxetik 2 ordu oinez ibiliaz aurkitzen genuen, bromelia, orkidea eta kaktusen artetik paseaz.
380mko erorketa askearekin Brasileko altuena omen da.
VALE DO PATI
Mendi irteera gogorrago bat egin nahian motxila handia bizkarrean hartu eta bakarrik abiatu nintzen Pati bailarara 4-5 egunetarako.
Vale do Pati bailarako ibilaldia omen da Brasilgo ederrenetarikoa. Harkaitzak quartzita arroxezkoak eta mendi magalak mato atlantiko basoak estalia. Ezkutatua eta sarbide mugatuarekin (ez baitago ibilgailuentzako inolako biderik), lehen biztanleak XX.mende hasierako lehorteetatik ihes eginaz etorri ziren. Kafe landaketekin 2000 biztanle izatera iritsi zen, baina gaur egun 50 biztanle besterik ez dira bizi. Jatorrak dira, eta beraien etxeetan ostatua eskeintzen dute.
Bertatik eguneko irteera asko daude urjauzi, mendi, putzu eta kobetara (Funil urjauzia eta putzua, Castelo dorre-mendia eta koba, Cachoeirao urjauzia...).
Hauxe da Cachoeirao 300 m-tako urjauziaren goitiko ikuspegi zoragarria. Ibilaldi zirkularra euri zaparradaren ondoren egin nuen kolore gorriko urak zeharkatuaz eta orientabide gaitasuna jokuan jarriaz, gida gabe eta bakarrik bainindoan. Urjauziak urez gainezka harkaitz barrutik irtenaz, ikusgarria.
Hurrengo egunean Cachoeirao beraren azpitiko ibilaldia egin nuen ibaiko harkaitzetatik igoaz. Euria geratu zenez ur emaria ere izugarri gutxitu zen. Hala ere 300m-tako ur hariek saritu ninduten eta beheko putzu gorrian bainu larrubizigarria hartu.
Hauxe da Pati bailarako Morro do Castelo quartzitazko gaztelu dorrea. Iluntzea ikusi eta Casteloko koban egin nuen lo gau batean. Argazkian ikusten da ibaiak ur bizi asko zeuzkala, eta ni kayakik gabe... Perura iritsi arte itxoin beharko dut hortarako.
Chapada Diamantina agurtu, guretzako Bahiako leku gustukoena, eta Salvador hiriburura itzuli ginen. Pelourinho auzotik bisita, asteartetako festan batukadak ikusi eta hegazkinean Brasil iparraldera joan ginen, duna eta aintziretara.
No comments:
Post a Comment