Eneko Yarza Kayak

IBAI BIDAIAK: Blog hau nire bidaiei buruz da, munduan zehar ibaiak jaitsiaz kayakari eta ibai gida moduan.
. . . . . . . . . . . . . Beste bizimodu bat ezagutzera gonbidatuak zaudete.
RIVER TRAVELS:This blog talks about my travels around the world, as a passionate nomad kayaker and as a river guide.
VIAJES POR RÍOS: Este blog habla de mis viajes por el mundo como kayakista y guía de ríos apasionado y nómada.

Showing posts with label `24. Peru 2011 (eus). Show all posts
Showing posts with label `24. Peru 2011 (eus). Show all posts

2011/09/13

6 egun Paucartambo-Mapacho-Yavero ibaian (Peru)

     @hispano             @english



2011ko abuztuaren 3an, goizeko 3tan Leoren etxean prest ginen Timoteo taxista itxaroten, bezperan hitzartutako Cusco-Paucartambo bidaia egiteko (ia 5 ordu). Telefonoz deitu eta lotan ez zetorrela esan zidan. Hitzartutakoa ez betetzea ohikoa bihurtu da Perun, ia eguneroko gauza, eta euskalduna izanik ohitzea ez da xamurra, baina eguneroko entrenamenduarekin edozein egokitzen da.


     Goizeko 5etan autobusa ateratzen zen lekura iritsi ginen. 4 kayakak sabaira azkar igo eta lotu genituen baina ez zegoen eserleku librerik. Prezio berdinean zutik bidaiatzera eskeini genuen gure burua eta beraiek onartu. Paucartambo herrian gosaldu, azken barazki erosketak eta beste "movilidad" furgo bat alokatu genuen Chimur-eraino 35km us lasai aurreratzeko.


     Espedizio taldea Diego Ibañez eta Leo Gonzales perutarrek, Silvio Gurrieri argentinarrak eta nik (Eneko Yarza) osatzen genuen. Team Avalancha ordezkatzen genuen, Silviok berak egiten dituen salbamendu-jaken marka. Nirea Ikurriñaren koloreekin egin zuen eta "Non gogoa, han zangoa" mezuarekin. Aupa Silvio eta Gora Avalancha!

     6 egunetarako janaria banatu eta hantxe aurkitzen ginen Paucartambo ibai bazterrean kayakean sartu behar genuen guztiaren aurrean: lo zakua, koltxoneta, arropa lehorra, oihala, lapikoa, ordezko pala, bideo kamarak, matea, termoa, etb.  Bakoitzak bere puzzle-kayak partida jokatu ondoren 13´30etan ontziratu ginen 2500mtako altitudean.



     Laguntzarik ez genuen izango eta dena kayaketan generaman, hurrengo 6 egunetan ez genuen ia inor ikusiko. 200 km inguru paleatu genituen Paucartambo ibaian hasi (ondoren Mapacho ibaira izena aldatuaz eta azkenik Yavero ibaira) eta Urubamba ibaiaren elkargunean bukatu arte 480mtako altueran Amazoniako basoan. Zailtasun maila IV jarraia 5. mailako ur bizi batzuekin, hain jarraia ia ez genuela ur lasairik topatu 5 egunetan; a ze gozamena!



     Eguna egurrarekin sua piztuaz hasten genuen, materako ura berotu eta gari-oloak edo "avena" gosalduaz. Puzzle-kayak partida, egunero azkarrago, mozorrotu eta uretara! 3 ordu inguru kayakeatu ondoren, bazkaria: mexikar tortillak, urdaiazpiko egosia, gazta, tomatea eta tipula. Sublime txokolate perutarra eta beste 2-3 ordu paleatzera.
 
     16´30 inguruan ibai bazterrean kanpatokia egiteko hondartzatxo bat bilatuko genuen (18tan iluntzen du). Mozorroa kendu eta ohialarekin etxea eraikitzera, hau da, oihala hondar eremuaren gainean sabai moduan jartzera erreskate-soka, harriak, makilak eta palak erabiliaz. Hezetasun handia zegoen eta lehenengo gauean euria egin zuen. Orain egurra bildu, sua piztu, ura filtratu, infusioa, sukaldatu, afaldu eta su ta ke artean ehundaka izarretako hotel arroilduan lo egitera. Luxuzko hotela.


     6. egunean kayakaldia bukatzean motordun txalupa batean Urubamba ibaian gora Ivochote herriraino joan ginen, errepide hasieraraino. Hemen kamioi baten atzealdean igo ginen Cuscoraino joateko. Altuera gaitzagatik koka hostoak mastekatuaz 27 ordu egon ginen kamioi berberean
Cuscoraino iristeko, a ze bidaia luzea.




     Egun anitzetako kayak espedizio hauek horma handietako eskaladarekin konpara daitezke, edo alpinismoarekin. Baita meditatzeko espiritu-erretiru edo ashram batekin. Edozein denda, errepide edo komun-ontzitik urrun gaudela jakinik.

Pribilegiorik gabe egote hutsa da pribilegioa.

Ingurunea eta ni; helmuga AmaLurraren zainetatiko bidaia bera da.


2011/07/04

PERU 2011. INTI RAYMI (eus)

          @hispano

2011ko ekaina bukaeran neguko solstizioa ospatu dugu Peruko Cuzco inguruan, Inka inperioaren hiriburua, Inti eguzki jainko nagusiaren kultura. 3 egun Apurimac ibai ederra kayakean jaisten eta bazterreko hondartzetan lo eginaz pasa ondoren Cuzco herrira itzuli eta Inca kulturako ospakizun handienean murgildu gara: Inti Raymi, Eguzkiaren Jaialdia.

Inka nagusia.
     Inka garaiko jaialdia da, Pachakuteq lehen inkatik ospatua, kolonializazioan debekatua eta 1944az geroztik berriz ere ospatua. Bertako quechua hizkuntzan Inti=Eguzki eta Raymi=festa esan nahi du.  Tahuantinsuyoaren goren aldian, hau da inken imperioaren izena, eguzkiaren jaialdia 9 egunez ospatzen zen eta jaialdiko egun garrantzitsuena solstizioa zen, inken eguzki egutegiaren lehenengo eguna, urteberria. Erritu guztiak dantza eta musikaz lagundurik zeuden. Inperioaren lau suyo edo eskualdeetatik ekarritako animaliak (batez ere llama beltzak) eta batzuetan 10 urtetako umeak sakrifikatzen ziren. Bertaratutakoek chicha de jora edan eta sanku ogia jaten zuten sakrifikatutako animalien odoletan bustita.

     Ilunabarrean herritarrek gorputza makurtu eta besoak goratuaz Eguzkia gurtzen zuten. Jaialdiaren bukaera zen, inka bere jauregira itzultzen zen honen igarobidean emakumeek lore gorri eta luma koloreanitzak botatzen zituzten bitartean.



      Hauxe da Cuzco (Cusco nahiz Qosqo) hiriko erdigunea. Andeetako mendikatearen eki isurialdean kokatzen da, bertako urak Amazonetatik zehar Atlantikoraino doazelarik. 3400 metrotako altueran, Ausangate (6384m) eta Salcantay (6271) mendien artean inkentzako munduaren zilborra zen Cusco.





       Arantxa eta biok jaialdiaren jarraipen zehatza egin genuen kazetari baimenarekin lehen ilaran argazki eta bideoaz. Bideoa editatzeke daukadanez aurrerago argitaratuko dut.





      Gaur egungo ospakizuna egokitua dago. Ekainaren 24a Qorikancha Eguzkiaren Tenpluan hasi genuen. Espainiarrak Pizarrorekin etorri zirenean eguzkiaren templua urrez beteta aurkitu zuten, urrezko eguzki erraldoia, urrezko animaliak, urrezko emakumeak, etb. Espainolen bake santuarekin urre guztia atera, tenplua suntsitu eta eliza katolikoa eraiki zuten bertako eskulana esplotatuaz noski. Aiii! Jesusen hitzetatik zein urrun.

     Qorikanchako emankizunean agertzen diren lehen pertsonaiak inken armadako jenerala eta guardia dira. Jarraian inperioko armada, emakume aukeratuak, inkaren igarobidean loreak botatzen dituzten emakumeak eta bidea garbitzen duten gizonezkoak, guzti hau pututo airezko musikatresna, quepa kanabera tronpeta eta tinya tanborren musikarekin. Ospakizunean 500 antzezletik eta 50 mila ikusletik gora parte hartzen dute. Azkenak agertzen inka eta qoya emaztea dira, errege lagun-talde eta nobleziaren ondoren. Willaq umu apaiz nagusiak lagundurik inkak Inti eguzkiari chicha de jora eskaintzen dio, hau da, arto hartzitu edo fermentatuaz egindako edari alkoholduna.
Qorikanchatik bagoaz denak prozesioan jaialdiko 2. gunera, baita momia hau ere.

                Qoya, inkaren emaztea, tente daramate igarobidean loreak botatzen dizkiotelarik,                           inperio hierarkizatuaren erakusgarri.

      Jaialdiko 2. gunea Arma Plaza da, Haukaypata edo gudarien plaza deitua inken garaian. Berriz ere sinchi armada jenerala eta honen guardia dira lehenak sartzen. Gunea berrikusi ondoren armada eta musikarien sarrera agintzen du. Jarraian qoya, aqlla eta nusta emakumeak sartzen dira plazan, ondoren noblezia eta azkenik inka.













     Hementxe besoak goratu eta Eguzkia gurtzen.

Atzeko huacan inka, eta aurrean Cuscoko alkatea inkaren nobleziarekin.

        Huaca leku sakratuaren goitik eguzkiari zuzendu eta inkak cocaren erritua hasten du. Coca hostoak bota eta apaiz nagusiari eguzkiaren nahia igartzeko eskatzen dio. Honek beste apaiz batekin irakurketa egin eta inka jakinazten du eguzkia bihozbera izango dela llama bat sakrifikatzen bada. Inka Cuscoko alkateari zuzendu eta hiria zuzentasunez gobernatzeko eskatu ondoren emankizunak Sacsayhuaman-en jarraituko du.






      Bagoaz denak peregrinazio moduan Sacsayhuaman gotorlekura, hirigunetik 3 km-tara, tximistari eskeinitako zeremoni gotorlekua. Granito harri erraldoi landuez eraikia, altuenek 9m, ertz borobilduekin eta zehaztasun harrigarriz. Arqueologo askorentzat inken garaiko arkitektura lan handiena.

     Milaka pertsona biltzen dira Sacsayhuamaneko zelaigune inguruan.

     Atzean ikusten den harresiak tximistaren forma omen du. 


    Hemen erreportari lanetan eta atzean sakrifikatua izango den llama.


     Besoak zabaldurik gurtu dezagun biziaren iturri den Eguzkia honen ziklo berrian.


     Aiba! Eta beheko hau? Alde batetik bestera jauzika zebilen oreina.








     Jaialdiko gune garrantzitsuenean ere sinchi jenerala sartzen da lehena. Usnu zeremonia plataforman dena ondo dagoela ziurtatu ondoren besteei seinalea pasa eta armada eta inperioko 4 puntuetatik etorritako ordezkariak agertzen dira.  

     Chasqui mezulari batek bere pututoaren soinuarekin inka badatorrela jakinarazten digu.






     Eta emakume hauek loreak botatzen ari dira, nor dator?


    Badator qoya, inkaren emaztea.




     Inka usnura igo eta bere herria behatzen du. 4 suyo edo eskualdetako buruzagien berriak entzun ondoren willaq umu apaizak chicha de jora edariaren errituari hasiera ematen dio eguzkiari topa eginez.
     Jarraian su sakratuaren erritua dator. Apaiz nagusiak pizten du lehenik, ondoren zelaigunean eta lau suyo kantoietan.

     Llamaren sakrifizioaren txanda da.


     Orakuluaz arduratzen den apaizak usnura llama samur eta beltz bat igotzeko eskatzen du.




     Apaiz nagusia eguzkiari zuzendu eta sakrifizio aiztoarekin llamaren ezker aldea irekitzen du erraiak ateratzeko.



      Apaiz nagusiak erraiak eguzkiari eskeintzen dizkio.

     Orain sakrifikatutako animaliaren indarra neurtzeko unea da. Apaiz batek animaliaren koipearekin iragartzen du eta ondoren geroa aberearen odolarekin igartzen duen apaizari pasatzen dizkio erraiak, argazkian ikusten den bezala.

     Poztasun nabariaz erraiak sutara botatzen dituzte. Kea ikusterakoan willap umu apaiz nagusia augurio onez asebetetzen da.

      Inka pozik azaldu eta festa zalaparta erakustaldi batez amaitzen da. Eguzki urte hau ontasun, bake+harmonia eta oparotasun urtea izango dela esan zigun apaiz nagusiak, eta inkak alaitasunez ospatzeko. Hala bedi!