Eneko Yarza Kayak

IBAI BIDAIAK: Blog hau nire bidaiei buruz da, munduan zehar ibaiak jaitsiaz kayakari eta ibai gida moduan.
. . . . . . . . . . . . . Beste bizimodu bat ezagutzera gonbidatuak zaudete.
RIVER TRAVELS:This blog talks about my travels around the world, as a passionate nomad kayaker and as a river guide.
VIAJES POR RÍOS: Este blog habla de mis viajes por el mundo como kayakista y guía de ríos apasionado y nómada.

2011/07/04

PERU 2011. INTI RAYMI (eus)

          @hispano

2011ko ekaina bukaeran neguko solstizioa ospatu dugu Peruko Cuzco inguruan, Inka inperioaren hiriburua, Inti eguzki jainko nagusiaren kultura. 3 egun Apurimac ibai ederra kayakean jaisten eta bazterreko hondartzetan lo eginaz pasa ondoren Cuzco herrira itzuli eta Inca kulturako ospakizun handienean murgildu gara: Inti Raymi, Eguzkiaren Jaialdia.

Inka nagusia.
     Inka garaiko jaialdia da, Pachakuteq lehen inkatik ospatua, kolonializazioan debekatua eta 1944az geroztik berriz ere ospatua. Bertako quechua hizkuntzan Inti=Eguzki eta Raymi=festa esan nahi du.  Tahuantinsuyoaren goren aldian, hau da inken imperioaren izena, eguzkiaren jaialdia 9 egunez ospatzen zen eta jaialdiko egun garrantzitsuena solstizioa zen, inken eguzki egutegiaren lehenengo eguna, urteberria. Erritu guztiak dantza eta musikaz lagundurik zeuden. Inperioaren lau suyo edo eskualdeetatik ekarritako animaliak (batez ere llama beltzak) eta batzuetan 10 urtetako umeak sakrifikatzen ziren. Bertaratutakoek chicha de jora edan eta sanku ogia jaten zuten sakrifikatutako animalien odoletan bustita.

     Ilunabarrean herritarrek gorputza makurtu eta besoak goratuaz Eguzkia gurtzen zuten. Jaialdiaren bukaera zen, inka bere jauregira itzultzen zen honen igarobidean emakumeek lore gorri eta luma koloreanitzak botatzen zituzten bitartean.



      Hauxe da Cuzco (Cusco nahiz Qosqo) hiriko erdigunea. Andeetako mendikatearen eki isurialdean kokatzen da, bertako urak Amazonetatik zehar Atlantikoraino doazelarik. 3400 metrotako altueran, Ausangate (6384m) eta Salcantay (6271) mendien artean inkentzako munduaren zilborra zen Cusco.





       Arantxa eta biok jaialdiaren jarraipen zehatza egin genuen kazetari baimenarekin lehen ilaran argazki eta bideoaz. Bideoa editatzeke daukadanez aurrerago argitaratuko dut.





      Gaur egungo ospakizuna egokitua dago. Ekainaren 24a Qorikancha Eguzkiaren Tenpluan hasi genuen. Espainiarrak Pizarrorekin etorri zirenean eguzkiaren templua urrez beteta aurkitu zuten, urrezko eguzki erraldoia, urrezko animaliak, urrezko emakumeak, etb. Espainolen bake santuarekin urre guztia atera, tenplua suntsitu eta eliza katolikoa eraiki zuten bertako eskulana esplotatuaz noski. Aiii! Jesusen hitzetatik zein urrun.

     Qorikanchako emankizunean agertzen diren lehen pertsonaiak inken armadako jenerala eta guardia dira. Jarraian inperioko armada, emakume aukeratuak, inkaren igarobidean loreak botatzen dituzten emakumeak eta bidea garbitzen duten gizonezkoak, guzti hau pututo airezko musikatresna, quepa kanabera tronpeta eta tinya tanborren musikarekin. Ospakizunean 500 antzezletik eta 50 mila ikusletik gora parte hartzen dute. Azkenak agertzen inka eta qoya emaztea dira, errege lagun-talde eta nobleziaren ondoren. Willaq umu apaiz nagusiak lagundurik inkak Inti eguzkiari chicha de jora eskaintzen dio, hau da, arto hartzitu edo fermentatuaz egindako edari alkoholduna.
Qorikanchatik bagoaz denak prozesioan jaialdiko 2. gunera, baita momia hau ere.

                Qoya, inkaren emaztea, tente daramate igarobidean loreak botatzen dizkiotelarik,                           inperio hierarkizatuaren erakusgarri.

      Jaialdiko 2. gunea Arma Plaza da, Haukaypata edo gudarien plaza deitua inken garaian. Berriz ere sinchi armada jenerala eta honen guardia dira lehenak sartzen. Gunea berrikusi ondoren armada eta musikarien sarrera agintzen du. Jarraian qoya, aqlla eta nusta emakumeak sartzen dira plazan, ondoren noblezia eta azkenik inka.













     Hementxe besoak goratu eta Eguzkia gurtzen.

Atzeko huacan inka, eta aurrean Cuscoko alkatea inkaren nobleziarekin.

        Huaca leku sakratuaren goitik eguzkiari zuzendu eta inkak cocaren erritua hasten du. Coca hostoak bota eta apaiz nagusiari eguzkiaren nahia igartzeko eskatzen dio. Honek beste apaiz batekin irakurketa egin eta inka jakinazten du eguzkia bihozbera izango dela llama bat sakrifikatzen bada. Inka Cuscoko alkateari zuzendu eta hiria zuzentasunez gobernatzeko eskatu ondoren emankizunak Sacsayhuaman-en jarraituko du.






      Bagoaz denak peregrinazio moduan Sacsayhuaman gotorlekura, hirigunetik 3 km-tara, tximistari eskeinitako zeremoni gotorlekua. Granito harri erraldoi landuez eraikia, altuenek 9m, ertz borobilduekin eta zehaztasun harrigarriz. Arqueologo askorentzat inken garaiko arkitektura lan handiena.

     Milaka pertsona biltzen dira Sacsayhuamaneko zelaigune inguruan.

     Atzean ikusten den harresiak tximistaren forma omen du. 


    Hemen erreportari lanetan eta atzean sakrifikatua izango den llama.


     Besoak zabaldurik gurtu dezagun biziaren iturri den Eguzkia honen ziklo berrian.


     Aiba! Eta beheko hau? Alde batetik bestera jauzika zebilen oreina.








     Jaialdiko gune garrantzitsuenean ere sinchi jenerala sartzen da lehena. Usnu zeremonia plataforman dena ondo dagoela ziurtatu ondoren besteei seinalea pasa eta armada eta inperioko 4 puntuetatik etorritako ordezkariak agertzen dira.  

     Chasqui mezulari batek bere pututoaren soinuarekin inka badatorrela jakinarazten digu.






     Eta emakume hauek loreak botatzen ari dira, nor dator?


    Badator qoya, inkaren emaztea.




     Inka usnura igo eta bere herria behatzen du. 4 suyo edo eskualdetako buruzagien berriak entzun ondoren willaq umu apaizak chicha de jora edariaren errituari hasiera ematen dio eguzkiari topa eginez.
     Jarraian su sakratuaren erritua dator. Apaiz nagusiak pizten du lehenik, ondoren zelaigunean eta lau suyo kantoietan.

     Llamaren sakrifizioaren txanda da.


     Orakuluaz arduratzen den apaizak usnura llama samur eta beltz bat igotzeko eskatzen du.




     Apaiz nagusia eguzkiari zuzendu eta sakrifizio aiztoarekin llamaren ezker aldea irekitzen du erraiak ateratzeko.



      Apaiz nagusiak erraiak eguzkiari eskeintzen dizkio.

     Orain sakrifikatutako animaliaren indarra neurtzeko unea da. Apaiz batek animaliaren koipearekin iragartzen du eta ondoren geroa aberearen odolarekin igartzen duen apaizari pasatzen dizkio erraiak, argazkian ikusten den bezala.

     Poztasun nabariaz erraiak sutara botatzen dituzte. Kea ikusterakoan willap umu apaiz nagusia augurio onez asebetetzen da.

      Inka pozik azaldu eta festa zalaparta erakustaldi batez amaitzen da. Eguzki urte hau ontasun, bake+harmonia eta oparotasun urtea izango dela esan zigun apaiz nagusiak, eta inkak alaitasunez ospatzeko. Hala bedi!

No comments:

Post a Comment