Eneko Yarza Kayak

IBAI BIDAIAK: Blog hau nire bidaiei buruz da, munduan zehar ibaiak jaitsiaz kayakari eta ibai gida moduan.
. . . . . . . . . . . . . Beste bizimodu bat ezagutzera gonbidatuak zaudete.
RIVER TRAVELS:This blog talks about my travels around the world, as a passionate nomad kayaker and as a river guide.
VIAJES POR RÍOS: Este blog habla de mis viajes por el mundo como kayakista y guía de ríos apasionado y nómada.

2011/05/20

BRASIL 2011. b) ITACARE (BAHIA, eus)

                  @hispano


Urtarrilaren 7an iritsi ginen Bahía estatuko kostan dagoen Itacaré herrira, hemen etxe bat alokatu eta hilabete terdi geratu ginelarik. Río de Contas ibaia 500 km baino urrunago dagoen Chapada Diamantina mendietan jaio eta Itacarén itsasoratzen da azken kainoia 28 km faltan igarotzen duelarik Taboquinhas herrian, 6 ur bizi sortuaz.
                  
     Itacaré herria duela 10 bat urte eman zen ezagutzera, errepidea egin zutenean. Hondartzez eta surfeatzeko olatuz inguratua, gune turistiko ezagun bilakatzen ari da. Hondartza eta ibaia, horixe da bilatzen genuena!

     Argazkian ikusten dena auzoko Praia Coroa da, ibaiko hondartza, eta atzean itsas-argia. Arratsaldero Praia Coroa-ra jende asko hurbiltzen zen iharduera fisikoetan aritzera.


IHARDUERA FISIKOAK
     Nola ez, futbola nagusi zen, eta Brasilen modan dagoen kategoria emakumeen futbola. Argazki honetan ikusten da nola aitak seme-alabei bere futbola jainkoa aurkezten dien, eta entrenamenduan jarri genero diskriminaziorik gabe. Eta baloia, beraien jainkoaren semea?
     Eskerrak ume batzuk beste iharduera batzuetan ari diren taularekin irrist eginaz. Argazkiko hauek agian Jesus surflariaren jarraitzaile egingo dira... geroxeago ulertuko duzue.

     Ni volei-praian aritu izan nintzen (2x2), batzuk dominginho igande arratsaldeetako giroaz disfrutatu nahi zutelarik. 
 
     Ur-lasaietako K1 kayak eta C1 kanoan ere ibili izan nintzen “Asociaçao de Canoagem Itacaré”-tik atereaz, ibaian mareekin jolastuaz. 
     Hemen kanoa asko praktikatzen da: ume, emakume, agure zein Brasilgo txapeldunak. Argazki honetan batzuk kanoan dabiltza besteak Ponta do Xareutik eguzkiari bihar-arte esaten dioten bitartean. 

HONDARTZAK
     Itacaren hondartza dexente daude eta olatuak konstanteak urte osoan zehar. Munduko surf kopa hemen ospatu izan da eta surflari freakyz beteta dago. Argazkiko honek bere hobby-arekin jarraitzeko surf taulak alokatzen ditu Açai saltzen duen bitartean. Açai Amazonetan jaiotzen den fruitua da. Mermelada hotz moduan hartzen da granola eta bananarekin, goxoa-goxoa.


     Itacareko kosta palmeraz jositako hondartza ederrez beteta dago: Tiririca, Puntal, Prainha, etb. Argazkiko hau Jeribucaçu hondartza da.

     Hondartza hauetara iristeko “trilha” (=bidexior) ugari daude `Mato Atlantikoan’ zehar. Hauxe da Brasilgo kosta osoan zabaltzen zen baso tropikal euritsua, bertan Amazonetan baino flora espezie gehiago aurkituaz. Itacaren oraindik Mato Atlantikoa dagoen arren, gaur egun baso honen azalera oso murriztua dago.
     Jeribucaçura iristeko manglare koloretstu honetatik pasa ginen oinez itsas-marea baxuan. Manglarea da ur gazi eta geza elkartzen diren lekuetan jaiotzen den baso berezia, ageriko sustraiez betea.
     Hemen ikusten dena “Jangada” bat da, kanoa, arrauna eta belaontzi arteko bertako untzia, arrantzurako tresnekin prest. Atzean emakumea garraiorako burua erabiliaz. Eta ni untzian ibiltzeko gogoz…


UR BIZIAK



     Inguruan rafting-a praktikatzen da, 28 kmtara dagoen Taboquinhas herriko ur bizietan. Harri-ama kainoi beltza eta 6 ur bizi III+ mailakoak. 




     Ni Planeta Rafting-ekoekin aritu nintzen, giden gehiengoak Taboquinhaseko beltzak zirelarik. Tristea plastikozko kayakik ez zegoela Río de Contas-en, eta segurtasuna kanoraftetan egiten zen.


     Hemen rafting gida ikastaroa eman nien 6 pertsonei. Ikastaroan gaitasunak (rafting teknikak, tripulazioaren erabilpen eta entrenamendua, larrialdi eta erreskate teknikak) eta ezagutzak (ekipamendua, segurtasun eta larrialdi prozedurak, ur bizien teoria, lidertasuna eta ibai seinaleak) landu genituen teorikoki eta praktikoki. 




     Ondoren nazioarteko rafting federazioaren izenean (IRF=International Rafting Federation) ebaluatu eta titulatu nituen. Nire 2 lan mundu profesionalak elkarturik: hezkuntza eta ibai gida.





JESUSEN ELIZAK
     Argi dago erlijioa Brasilen ez dela 2 hormen artean trinko dagoen zerbait. Kristautasunaren instituzio mota asko daude, “igreja”, eta guztietan meza ordua kontzertu ordua da, eta badirudi bozgorailuak bolumen altuenean jarriaz, arimak ere goratuko direla Jesusen albora. Argazkiko hauxe da tipikoenetako bat, kitarra, bateria eta bozgorailuarekin altu.

     Kartel honetan “Bola de Neve” elizaren egitaraua daukagu, asteko sei egunez konpromezuak… nahi izanez gero. “Jesus a onda perfeita” da beraien lema, hau da, Jesus olatu perfektua. Aldarean surf taularekin Jesus surflaria gurtzen dute, bolumen altuenean kitarra eta bateriaz, alboan letrak karaoke moduan “Jesus me de seu amor, Aleluya Aleluya” ozen kantatuaz.
     Eta aldare aurrean jendea erabat senetik irtenda dantzan, inprobisatuaz guztia emanaz, estasiatuta. “Eskerrikasko kolonizazioa Jesusen izena guregana ekartzeagatik” esango dute.

     Argi dago gizabanako bakoitzak jainko pertsonal bat daukagula barruan, aurkitu egin behar ordea, horixe da kontua.



PEDRA DO SABIA + KAKAOA
      Txangoa Vincent eta Carolinaren untzian hasi genuen Itacareko Porto da Balsa-tik Contas ibaian gora abiatuaz. Helmuga: Fazenda do Cacao Pedra do Sabia.

     Maya zibilizazioan ezaguna zuten kakao edaria baina suitzar batek osagai batzuk gehituaz gozotu eta gaur egungo txokolatea egin zuenean, orduan elixir bilakatu zen mundu osoan. 
      Amazonetan aurkitutako kakao zuhaitz hazia Itacare inguruetan landatu eta ikusi zuten oso ondo hazten zela.  XX. mendean kakao hazienda edo fazendaz bete zen Rio de Contasetik exportatuaz. Landaketa hauetako Coronelak aberastu egin ziren, baina duela hamarkada gutxi `vassoura de bruixa’ gaitzak kakao zuhaitza jo eta produkzioa geratu egin zen, eta fazenda asko laga.


     Gaur egun fazenda hauetako batzuk berriztatzen ari dira, eta turismora bideratu kakaoaren prozesua erakutsiaz. Fazenda de cacao Pedra do Sabia da hauetako bat, ibai bazterrean alojamendu ederrekin.
      Pistako eliteko 3 kanoisten aita den Nel-ek kakaoaren prozesua erakutsiko digu: Hauxe da kakao fruitua. Matxetearekin ireki eta bulba freskoak aurkituko ditugu.




     Ondoren bulba hauek lehortu egin behar dira; horretarako teilatu mugikor batzuk dauzkate eguzkitan lehortzeko baina euria egiten duenean estaltzeko. Azkenean kakao lehorra txikitu egiten da kakao-hautsa lortuaz.

PORTO DA BALSA
     Porto da Balsa da Itacareko kaietako bat Contas ibai bazterrean. Azken astean bertan bizi izan nintzen Vincent eta Carolinarekin, argazkiko etxe urdinean. Hemen hutsegite handi bat egin nuen, nire bizitzako argazki guztiak ezabatu nituen ordenagailutik, 7000 argazki, eta kopiarik egin gabe#!.#!

     Kai honetan dago pistako piragua elkartea eta bertatik ateratzen nintzen ibaian gora eta manglareak exploratzera. Bukaeran ordea, ezin nintzen eseri ere egin ipurdi masailean atera zitzaidan forunkuloa zela eta, azaleko bakteria grano handi moduan. Hiru hilabetez edukiko nuen forunkulo desatsegin hau, ia ezin eseririk. 

     Etxe azpian suge hau agertu zen eta ikusminez jendea urreratu. Oldarkor zegoen eta tipo honek lepotik heldu nahi izan zionean, zazta! horzka egin zion eta sugea airetik bota zuen Vincent eta nigana… Sustotxoa!   


     Eskerrak konstriktorea den eta ez pozointsua. 2. saialdian oratu zuen, sugeak honen besoari birak eman eta inguruko etxeetan bere heroitasuna erakusten ibili zen, pixkat mozkortuta, kanoa elkarte ondoan askatu zuen arte.



YEMANJA

     Brasilen guztia nahasten da, 
                     “tudo mixturado”.
     Otsailaren 2an Carmen Birjinaren eguna ospatu zen, arrantzaleen eguna. Afrikar esklabuetatik sortutako Candomble erlijioan Yemanja da uretako orixá edo jainkosa, eta egun honetako protagonista. Yemanjaren irudia itsasontzian ekarri eta prozesioan eraman zuten kofradiaraino batukada batek animatuta.
  Kofradian afrikarren ondorengoek arrantzaleen antzezpen bat egin zuten
djembe eta tinba tanborren soinuekin.




     Bukaeran Candomble erlijioko Orixa koloretsu batzuk atera ziren (Orixás=Jainkoak edo gertakari naturalekin lotutako funtsezko espirituak).



     Brasilen “tudo mixturado”. Arraza eta kolore ezberdinak nahasten dira: natibo marroixkak, afrikar beltzak eta portugaldar txuriak. Erlijio ezberdinak nahasirik, animistak, candomblea eta kristautasuna. Herrialde osoan egunero jaten duten plater egina (PF=prato feito) ere “tudo mixturado” jaten dute: arroza, feijoao = babarrunak, entsalada, farofa=juka=manioka eta haragi puska. Eta prozesioa ere nahasirik, kristau ama birjina, candomble orixak eta “bunda” edo ipurdi brasildarra, “tudo mixturado”.
Aiba labirjen! Yemanja birjinaren bunda agerpena! 

No comments:

Post a Comment