Eneko Yarza Kayak

IBAI BIDAIAK: Blog hau nire bidaiei buruz da, munduan zehar ibaiak jaitsiaz kayakari eta ibai gida moduan.
. . . . . . . . . . . . . Beste bizimodu bat ezagutzera gonbidatuak zaudete.
RIVER TRAVELS:This blog talks about my travels around the world, as a passionate nomad kayaker and as a river guide.
VIAJES POR RÍOS: Este blog habla de mis viajes por el mundo como kayakista y guía de ríos apasionado y nómada.

2012/02/04

1. MOCOA KOLONBIA HEGOALDEAN

      @hispano           @english

2012ko urtarrilean Ekuador atzean utzi eta Kolonbian sartu ginen. Pasto hirian errepide nagusitik irten eta kamioneta baten atzekaldean bihurgunez jositako 6 ordutako bidaia egin genuen ekialderuntz, ziztu bizian bailara bertikalaren pareta berdeetatik zehar. "Trampolín del Diablo" deitutako bidea asfaltatu gabea da, arriskutsua eta ederra. Gurpila ere zulatu zitzaigun kamioneta atzealdean barrei sendo helduaz zutik nindoala, haizea aurpegian sentitzen eta paisaiaz gozatzen...

MOCOA, PUTUMAYO DEPARTAMENDUKO HIRIBURUA

Putumayon Andeetako mendiak eta Amazonia elkartzen dira eta azken 50 urteetan hauxe izan da guerrilla eta narkotrafikatzaileen kabi indartsuetako bat. Herritarrek egoera azken 4 urtetan asko aldatu dela diote, "seguruagoa" dela orain. Ibai eta urbizi mordoaz, Mocoa ingurua turismo eta kayakariei ireki berria zaigu.

Mocoa ibaiaren beheko sekzioan, IV maila. Argazkia: Mark Hentze.

     Mocoa herritik izen bereko ibaia doa sekzio ezberdinekin. Goiko sekzioa errepide bukaeratik hasi genuen, III+ maila. Beste egun batetan gure Casa del Río ostatuko Rumiyaco errekan sartu eta Mocoa ibaiaren beheko sekzioa Villagarzón herriraino jaitsi genuen Mark Hentze "Colombia Whitewater" ibai gidaliburuaren egilearekin. Kobazulo eta goroldioarekin paisaia ederra.

     Pepino erreka (argazkikoa) Mocoa ibairaino jaitsi genuen. Oso dibertigarria.

     Hauxe da Colombia edo Locombian nire plastikozko bikotea. Ecuadorren nire kayak eta pala hautsi ondoren italiako Gravita Zero kayakari taldeko lagunen bidez kayaka eta pala lortu nituen azken momentuan Quiton. Eskerrikasko Dario Vanacore, GZMax eta Marcello Parmigiani.

     Zero Attivo italiar kayak egile berriaren Orgasmoa daukat.. eta karbonozko Select pala, inoiz eduki dudan pala hoberena. Ez dago batere gaizki!

     Beste ibai sekzio batzuk exploratzen ere ibili ginen, hau ere abentura bat delarik. Errepide bukaeratik Mocoa bailaran gora oinezko explorazioan konturatu ginen Tomas suitzarrak altuerari izua diola, argazkian ikusten den bezala, metro terdi izan arren, jejeje

     Caquetá ibaia da inguruko harribitxia, 2-3 egunetako espedizioa, baina ur maila altua darama eta euri gehiago iragarrita...
     Villalobos ibaia ere ireki berria da. Beheko sekzioa Val, Morgan eta Mael frantsesek duela hiru hilabete. Goiko sekzioa Mark Hentze, Kees Van Kuipers, Julian Schafer eta Charlie Watt-ek oraintxe.


     Gaueko loaldian lapur "ganberroa" ostatura etorri zitzaigun bixitan. Mark Hentzeren matxetea hartu eta bere laban txikia utzi zuen. Giltza atean zuen logelan sartu eta Julianen motxila txikia (pasaporte, diru, etb) hartu zuen. Jarraian gure logelako atea ireki eta gu lauetako bat erdi esnatu zenean gu giltzapetu eta giltzarekin ihes egin zuen lapurrak.

     Eskualdean agerraldi txiki bat egin zuen guerrillak. Zergak ordaintzen ez zizkion autobus konpainiako bus bat erre zuten bidaiariei ateratzeko esan ondoren.

     Arratsalde eta gauean mapetan expedizio berriak antolatzen egon arren, gauetik egunera 8 atzerritarrez osatutako kayakari taldean alde egiteko gogoa kutsatu zen. Hurrengo egunean kayakaririk ez zen Putumayon.


      POLITIKA:  Guerrilla ezkertiarreko talde ezberdinak (FARC, ELN, etb) demokrazia faltaren arrazoi sendoz sortu ziren duela 50 urte. Beranduago jauntxo batzuek talde armatu pribatuak kontratatu zituzten beraien interesak defendatu eta guerrilla erasotzeko, talde paramilitarrak deituak. Dirua lortzeko pertsonak bahitzea izan zen guerrillaren ihardueretako bat urteetan zehar, biziraupenerako eta armak lortzeko. Narkotrafikoak aldiz diru nahikoa zuen paramilitarrak kontratatzeko. Cocainaren negozioa hain handia zen guerrilla narkotrafikoan sartu zela.

     Azken hamarkadan USAko gobernuak inbertsio galanta egin du Colombian, armada militarrean batez ere. Ez dohainik noski, petroleoa bezalako bertako aberastasunak USAko talde batzuenak dira orain.

     Argi dago egoera asko aldatu dela Colombian. Herritarrek diote orain dena oso militarizatua dagoela eta legez kanpoko taldeek ia ezin dutela arnasik ere hartu. Herri xumea defendatzeko guerrillak zuen helburu garbia narkotrafikoak zikindu duela. Orain gatazka zeinek ze lurzoru kontrolatzen duen dela, bertatik atera daitekeen diruaren arabera: cocaina landaketa eta laborategiak, urre mehategiak, etab. Paramilitarrei beldur gehiago eduki behar zaiela "eskrupulorik" ez baitauketa.

     Errepideak militarizatuak daude, argazkian ikusten den bezala tankeekin, eta segurtasuna asko handitu da. Turismoari ateak irekitzen ari zaizkio, bertako biztanlego sozial alai eta jatorra bakea sentitzen hasi da, eta bertako aberastasunak USAko negozio gizonen eskuetan geratuko dira.

     Guretzako Kolonbian dagoen gauza garestiena bidaiatzea da, gasolina garestia baita, eta badirudi gaizkilerik ez dela gure bila etorriko gu beraien eskuetan erori ezean... ibaiak exploratzeko garaian kontutan hartu beharreko datua.

2 comments:

  1. Iepa! Hemen Haritz! Zorionak bidaiagatik, asko gogoratzen naiz zuekin. Hemen ere orgasmo eharra zakat... bihar "discapacitados"eko azterketa eta etzi eskaladakoa. Ostegunean aldiz fondo eskiko monitire moduan Somportera lanera...to. Besarkada handi bat eta ondo ondo izan.

    ReplyDelete
  2. Iepa hi!
    Cali-ko parranda interesgasrriaren ondoren espedizio motxilak prest. Pablo eta biok bagoaz hemendik Pazifikora doazen ibaiak exploratzera, inoiz jaitsi gabeak. 3-4 ibai fitxatu ditugu mapetan, "territorio mapatxe" izandakoak... eta argi ibili beharrekoa. Abentura egunak dauzkagu aurrean. Ondo izan eta eman egurra!

    ReplyDelete