Mexiko 2010 Zorriak kapitulua bukatzeko azken misioa, eta adrenalinaz betea. Veracruz estatuko Tlapacoyan herri ingurura itzuli nintzen egin gabe utzitako 2 urjauzi jaisteko erabaki sendoz. Aurreko bixitan belarria kaltetua nuen eta ezin izan nuen Zorriak taldearekin jauzi egin.
Aventurec kanpatokira iritsi eta bertan Piriniotako 6 kayakarirekin elkartu nintzen (Eric, Bastien, Fafa, Thomas, Gael eta Aniol). Ez nuen denbora asko galtzerik eta iritsi orduko Alseseca Roadside jaitsi genuen. Motorrak bero dagoeneko eta odola adrenalin txutearen bila.
Abenduaren 20an Alseseca ibaiko Truchas urjauzia jaisteko misioari ekin genion. Autoan errepide zulatutik, oinez luzaro ohian barrutik, rapel luzea zuhaitz batetatik, ibai zolu irristakorra gurutzatu eta azkenean iritsi ginen urjauzi goiko putzura. Bihotza azkartzen hasten den momentua.
Inguru ederra nahiz eta ur gehiegirik ez izan. 18 metrotako urjauziaren gaineko ur bizia ere ez zen nolanahikoa. Ur mugimendua aztertu, linea aproposena aukeratu eta hortxe abiatu nintzen lehena 2 ur bizi-jauziak jarraian eginaz. Lehena ederto eta Truchas 18mkoan ondo, nahiz eta angelu pixkatekin ureratu eta bizkarrean zartakoa nabaritu ur gutxi egonagatik. Hurrengoan zartakoa ez nabaritzeko urarekin bat joango naiz.
Jarraian Txente Tlapacoyaneko lokala: freewheel bat lehen ur bizian eta Truchasen ureratzea aurpegiz! eta ni bertatik ikusten. Tipo gogorra da eta dena ondo.
Hurrengoak pala jaurti, aurrera makurtu, igerilekuan buruz jauzi egiteko posizioa hartu eta bi gezi paralelo bezala sartu ziren beso-burua eta kayaka. Urazpian iraulita kaskoa kendu, ‘gopro’tik heldu eta kaskoarekin desirauli! Alajaina! behin ere horrelako teknikarik ikusi gabea nintzen.
Inor ez zen kalteturik suertatu, eta argazkian guztioi ikusten zaigu aski konten: Bastien, Txente, Gael, Eric, Fafa eta ni neu. Argazkiekin Netta eta Thomas. Ospatzeko Truchas jatetxean amuarrain bana jan genuen, txipotlearena pikanteena.
Eklipse Solstizioa
Abenduaren 20-21 gau hau oso berezia izan zen izaki lurtiarrontzat. Ziklo natural bat bukatzen eta berria hastear. Neguko Solstizioa ipar hemisferioan, laburtzen zijoan egun argia luzatzen hasiko da. Egutegi gregorianoak ez du hau kontutan hartzen, naturatik at dagoen asmakizun artifizial bat da gure gizarteko egutegia. Egutegia naturako arau eta zikloetan oinarritu beharko litzateke gure arbasoek egiten zuten bezala.Gainera 2010eko Neguko Solstizio honetan Ilargi Betea izan genuen, berezia. Eta gainera, gure planetako Mexiko alde honetatik Ilargi Eklipse Osoa ikusi ahal izan genuen. Elementu ugariren eraginpean bada.
Jainkoen hitzordu berezi honetara ezin huts egin, eta besteak lo zeuden bitartean hantxe nengoen ni Aventureceko igerilekuan zeruari begira, eta begira. Hasi zen ilargi betearen eklipse osoa neguko solstizioan, itzala handitzen eta gorritzen. Nire buru barnean biharko 23mko Tomata urjauzia kayakean jaisten irudikatzen. Honekin agur esango nion kayakari aldi batetarako, ziklo baten bukaera eta berriaren hasiera. Lurraren itzalaren ondoren hasi ziren eguzki izpiak ilargira zuzentzen eta nire begiak argiztatzen. Prest nago.
TOMATA URJAUZIA (23m)
Abenduak 21. Bagoaz kuadrila Tomata 1 urjauzira. Ur maila gutxi, bagenekien, atzo hemen Aniolek sahietsa hautsi zuen. Eric Deguil eta nik baietz.
Dena ondo antolatzeko denbora hartu dut. Bastienek rapelatu eta behean segurtasun kayaka. Goian Thomas eta Potrillo bideoarekin, Txente argazkiekin, eta Fafa behean Tomata 2 aurretik irteten laguntzeko.
Eric eta ni bestaldean gaude urjauziari hango ikuspuntua hartzen. Momentu honetan burua hemen beharko nuke, eta daukat.
Eric-ek galdetzen dit: “Y tú con que lado vas a buffear?”
-“Yo con la derecha, soy canoísta de derechas”
-“Pues yo de izquierdas! Jejeje”
Kayakean sartu zen eta esaten dit: “Ahora o nunca!”. ‘Dena prest’ seinalea guztioi pasa. Badoa. Azkena ezkerra. Pala jaurti. Uretatik pixkat bananduta eta angelu pixkat. Pum! Zartako hotsa. Ez da irauli. Seinaleaz galdetu diot: dena ondo? Eta berak: dena ondo. Nire txanda.
Hauxe da Oraina. Nire existentzia hementxe dago. Linea eta mugimenduen beste irudikapen bat.
Urjauzi honen berezitasuna ur lauetik 90 gradutan 23mko erorketa librera pasatzen dela da. Zaila hegaldia kontrolatzea, eta ur gutxirekin zartakoa galanta. Horregatik nik goian abiadura gabe joan nahi dut; eta erorketan urarekin bat, gorputza aurrean eta norabidea kontrolatu eskuin palada luze batekin uraren abiadura gaindituz; ondoren palari eutsiaz babestu, gorputza tentsatuz gogortu eta gezi moduan ureratze zartakoa igaro horizontaltasunera itzuliaz.
Kayakean sartzen ari naiz. Gorputz barneko hodietatik zerbaitek eztanda egin nahi du, baina ez diot utziko. Batzuentzat hau da beldurra. Nik uste beldurra kontrolatzearen garaipena dela adikto egiten gaituena.
Kontzentratua nago. Zerbaitek galdetzen dit: Eneko, non zaude? Eta nik erantzun: Hemen. Eneko zer ordu da? Orain.
Eneko, zer zara? Momentu hau.
Banoa ortzimugara. Atzerakako paladak abiadura motelduz. Hortzimugatik metro batetara angelu egokiz aurrerakako ezker palada txikia eta gorputza aurrera 90 graduak gainditzeko. Une honetako zentesima batzuetan hartu behar da beharrezko informazio guztia, erabakiak hartu eta erreakzionatu, nerbio sistema bere ahalmen maximoan trebatuaz. Gorputza eta eskuin pala aurrera ura bilatzen. Begiak ondo zabalduta nora noan dakusat. Itxaron ondo noa. Haizea aurpegian eta txurroak airean. Hegaldi aske sentsazioa. Itxoin gehixio. Orain! Eskuin palada kontrolatua helmugaruntz, nire abiadurak urarena gainditu, gorputza oso aurrean begiak zabalik; ondo noa, ureratzea laister; defentsa kokapena: burua sartu, begiak itxi, pala kayakari itsatsi, ezker ukondoaz burua babestu, eta gorputz osoko giharrak gogortu! Barnean sentitu dut nola nire beheruntzako mugimendu guztia horizontalean aurreraka bilakatu den, eta urazalera atera naiz zuzen ibaian behera, baina zartakorik gabe? BIKAINA jauzia! Eta zartakoa sentitu gabe, harrigarria.
--> Jauzi aurretik gorputz hodietan zebilen hark eztanda egin du orain, plazer eztanda izan da.
--> Plazer sentsazio honek ordea minutu bakarra iraun du. Ibai erdiko harrietan dagoen Eric-engana hurbildu gara Bastien eta ni. Eric ez dago ondo, lunbareetan min handia du.
Kainoitik atera eta bidera iristerakoan Eric lurrera. Anbulantzietan hospitaleetara. Eric-ek bizkar hezurreko lunbareetako horno bat hautsi du, nahiz eta hodia eta nerbioak ondo dituen. Hilabete batzuetako atsedenaldiaren ondoren ondo egongo da.
Aupa Eric bihotz oneko txapelduna!!
--> Aventureceko Toño eta seguru etxearen laguntzaz hegazkin anbulantzia batean Mexico DF hiriburura joan ginen Eric eta ni.
Hemendik Eric Frantziara eraman zuten beste hegazkin batean eta ni Brasilera etorri nintzen kayakik gabe.
--> Eklipse batek markatu du inoiz jaitsi dugun urjauzi altuena. Niri argia tokatu zitzaidan, eta Eric-i itzala itzela. Ez dut uste hau baino altuagorik bilatuko dugunik.
--> Neguaren hasiera... ziklo aldaketa markatua.
No comments:
Post a Comment